Burtsan espekulatzen duen bati irakurri nion aspalditxo artaldean bizi garela, alegia, artalde batek jokatzen duen moduan jarduten dugula gure eguneroko bizitzan: 8 bat orduz egiten ditugu lanean gero hilabete hondarrean sos batzuk kobratzeko, jasotakoaz behar batzuk asetzen ditugu eta beti faltan izaten dugunez etengabe gabiltza gurpil zoro honetan. Oporretako sasoia ere antzerakoa izaten dugu denok, oporretara joateko aukera dugunok epe berdinak aukeratzen ditugu eta sarritan modan dauden lekuetan elkar ikusten dugu, honek gure patrikarako dakarren gain prezioarekin.
Finantzieroki ere artaldean mugitzen garela dio gure espekulatzaileak, produktu finantziero antzerakoetan murgilduta gaudela: Aurrezki planak, jubilazio planak, Inbertsio funtsak, hipoteka maileguak, mailegu pertsonalak,..
Proposamen bat egiten digu: pentsa dezagun gure kabuz, zalantzan jarri ditzagun kulturak eta gizarteak ezarritako hainbat dogma, ohitura, eredu. Mugi gaitezen beste norabide batzuetan, jorra ditzagun bide berriak,...
Erraza ez den arren saia gaitezen sormena lagun dugularik harrapatuta gauden zurrunbilotik, eta ahal den neurrian, burua lantzean behin altsatzen, bailara sakonetan bizi garenok bertan dauzkagun mendietara ihes egiten dugunean bezala.